Handia dator: Euskalerria Irratiak inaugurazio festa eginen du ostegunean

Maite Bidarte

Hainbat artista handik parte hartuko dute jaian. Han izanen dira Gorka Urbizu, Areta Senosiain, Broken Brothers, Goxuan Salsa eta Egun Motelak; Sustrai Colina, Sarai Robles eta Idoia Granizo; Iker Oiz eta Martin Etxauri bideo-artistak eta Duguna dantza taldea. Lekuak mugatuak dira eta gonbidapenak hemen eskura ditzakezue.

Egoitza handiagoa, proiektu zabalagoa eta komunitate osoarekin partekatzeko etapa berria. Une berezia bizi du Euskalerria Irratiak, eta komunitatearekin ospatu nahi du ostegunean eginen duen festa handian: musika, bertsoa, dantza eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituen jai kolektiboan.

Egoitza handiago batera aldatu da Euskalerria Irratia, baina urratsa ez da helbide-aldaketa hutsa izanen. Irratiaren komunitatearekin batera ospatuko du egoitza berriaren inaugurazioa, urriaren 1ean, arratsaldeko 19:30ean, Iruñeko Kale Nagusiko 54. zenbakiko patioan. Sarrerak eskuragarri daude hemen.

Egoitza berria aurkezteaz gain, Euskalerria Irratiak bere proiektu berriaren nondik norakoak eta datozen hilabeteetarako egitasmoak ere aurreratuko ditu. Musikari dagokionez, Broken Brothers, Gorka Urbizu, Ibil Bedi taldeko Areta Senosiain, Borlako Martin Ziriza, Melenaseko Oihana, Hiuzzeko Aimar eta Goxuan Salsak arduratuko dira arratsaldeari doinua jartzeaz.

Bertsoak ere ez dira faltako: Sustrai Colina, Sarai Robles eta Idoia Granizo izanen dira hitza hartzen. Dantzarako gonbita, berriz, Duguna Dantza Taldeak eginen du. Ikus-entzunezkoek ere izanen dute tokia Iker Oiz eta Martintxo Etxauri bideo-artisten bideo-mapping ikuskizunarekin. Bi artistok Kale Nagusiko 54. zenbakiko patioko paretak artelan bihurtuko dituzte.

Baina festaren protagonistak ez dira agertokian izanen diren artistak soilik. Entzuleak, kolaboratzaileak, herritarrak eta, oro har, Euskalerria Irratiaren komunitateko kideak izanen dira ospakizunaren bihotza. Azken batean, etapa berri bati ekiteko, elkarrekin ospatu nahi du Euskalerria Irratiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!