Uxue Barkos izanen da Geroa Bairen hautagaia Nafarroako Gobernuko lehendakaritzarako

Euskalerria Irratia

Geroa Baik ohar batean jakinarazi du 2027ko hauteskundeetan Uxue Barkos izanen dela zerrendaburu eta hortaz, Nafarroako Gobernurako presidentegai. Geroa Bairen hautagai moduan egingo duen lehen agerraldi publikoa arratsaldean izango da koalizioak ikasturte politikoari hasiera emateko Baluarten egingo duen ekitaldiaren baitan.

Geroa Baik Uxue Barkos izendatu du Nafarroako Lehendakaritzarako hautagai 2027ko foru hauteskundeetan. Geroa Bai osatzen duten formakuntzen erabakitze organo ezberdinek berretsi egin dute jada proposamena (Geroa Sozialberdeak, EAJ-PNV eta Atarrabia Taldea). Nafarroako gizarteari proiektu aurrerakoi, plural eta Nafarroaren etorkizunarekin konprometitua eskaintzen jarraitzeko konpromiso tinkoarekin egingo die aurre Geroa Baik datozen hauteskundeei ohar batean adierazi dutenez. Nafarroaren erakundeen defentsa eta politika propioengan erabakitzeko bere gaitasuna aldarrikatuko ditu.

Nafarroaren buru egoteko Uxue Barkos pertsonarik hoberena denaren konbentzimendua agertu du Geroa Baik, datozen urteetan Foru Komunitateak erronka eta desafio garrantzitsuak baititu, bai esparru sozialean eta ekonomikoan, bai eta zerbitzu publikoen eraldaketan edo trantsizio energetikoan eta lurraldearen garapenean.

Uxue Barkosek Nafarroako Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagai moduan egingo duen lehen agerraldi publikoa arratsalde honetan bertan izango da, koalizioak ikasturte politikoari hasiera emateko Baluarten (Iruñea) egingo duen ekitaldiaren baitan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!