Abuztuaren akabailan Irrintzi dorrea utzita, Kale Nagusiko estudio berrian lurreratu da jada Euskalerria Irratia. Lekualdaketa tartean, halabeharrez emisioa etenda egon da azken asteotan, baina iritsi da uhinetara itzultzeko unea. Astelehenean berrabiaraziko da programazioa: 7:50etan, 8:20etan eta 8:50etan albiste boletinak izanen ditugu Maialen Huarteren eskutik; 9:00etatik 11:0etara Unai Lakok eta Miren Mindegiak Guardasola magazinea gidatuko dute, gonbidatu eta elkarrizketa desberdinekin; eta albistegiak Haritz Paskualen eskutik helduko dira 13:30ean eta 15:00etako bazkalburukoan.
Urriaren 1ean, inaugurazioa
Ez da nolanahiko unea Euskalerria Irratian. Iruñerriko euskal komunitatearen proiektuaren historian jauzi kualitatibo eta kuantitatibo handienaren eskutik, marginetatik erdigunera etorriko gara, 200 metro karratu baino gehiagoko estudio batera, inoizko baliabide tekniko gehiagorekin. Garai zirraragarri honetan, ezinbestekoa zaigu bidelagun izan ditugun horien ekarpena eskertzea. Ez ginateke hona iritsi izanen, inondik inora, alboan bakarrik ez eta oinarrian bertan egon diren kolaboratzaile, babesle, iragarle, langile eta entzuleak gabe. Zuek zarete Euskalerria Irratiaren komunitatea, zuekin eta zuentzat egiten den proiektua da hauxe. Eta hala izaten jarraituko du hemendik aurrera ere.
Proiektuak hartuko duen norabide indarberrituaren berri laster emanen dugu. Urriaren 1a egutegian markatu beharreko eguna izanen da, bertan emanen baitugu datorrenaren berri. Aurreratu dezakegun bakarra besta ospakizun handi bat izanen dela da, non kontzertuak, emanaldiak eta hitzartzeak ez diren faltako. Beraz, gorde ezazue data. Urriaren 1ean ikusiko dugu elkar.