Herri txikietako plazetan, kaleetan eta bertako biztanleekin partekatutako elkarrizketetan sortu daitezke istorio eta proiektu asko. Hori da Landarte programaren oinarria. Aurten Iratxe Perez Barandalla zinemagilea eta ekoizlea programan parte hartzen ari da eta Leotz udalerrian garatuko du proiektua.
Leotzeko 12 herriak eta haien errealitatea ezagutzea izan da proiektuaren lehen fasea, "landa eremuan jendearen parte hartzea oso garrantzitsua da eta errealitate hori ezagutu nahi nuen". Helburua ez da herri bakar batean jardutea, udalerriko herri guztiek proiektuan lekua izatea baizik: "Ez dugu soilik herri handietan zentratu nahi. Herri guztiek presentzia izatea nahi dugu."
Barandallak azaldu du proiektua irekia eta mugikorra izango dela, herri guztietan aurkeztu ahal izateko, eta adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izateko. Oraindik ez dute zehaztu azken emaitza, herritarrekin batera eraikiko baitute: "Orain esplorazio fasean gaude. Bertako biztanleak eta bizimodua entzun eta elkar ezagutu. Ondoren, proposamenak egingo ditut eta gure arteko harreman horretan sortuko dira ideiak."
Sortzailearen nahia, azken batean, artea beste modu batean ulertzea da: "Herritik eta herriarentzat artea egin daiteke. Kultura sortzea auzolana bezala, herritik eta amankomunean egin daiteke."