Hiru hamarkada bete ditu Lekunberriko Antzinako azokak, eta aurten, asteburu osora zabalduko dute egitaraua. Ospakizunak larunbatean, abuztuaren 1ean, hasiko dira. 19:00etan, Loren Arangoa eta Esti Curiel aktoreek, herriko hainbat herritarrekin batera, 1430ean Lekunberri suntsitu zuen sute handia izanen dute ardatz antzerki ibiltari batean. Antzezlanak herriaren historiako pasarte garrantzitsu hori umorez eta bizitasunez gogoratuko du. Antolatzaileen esanetan, sute hark erabat aldatu zuen Lekunberriren bilakaera, eta gaur egun ezagutzen den herriaren sorrera ulertzeko funtsezko gertakaria izan zen.
Igandean, berriz, Antzinako Azokak hartuko du protagonismo osoa. 10:30etik 20:00etara, herriko kaleak artisau-postuz, musika ibiltariz, dantzariz, aberez eta nekazaritzako lanabes tradizionalez beteko dira. Eguerdiko ekitaldirik adierazgarriena Banderaren Dantza izango da; Aralar Udal Musika Eskolako txistularien doinuekin udal-bandera altxatuko dute udaletxearen aurrean. Arratsaldean, Lekunberri-Larraungo erraldoi eta buruhandien konpartsak giroa alaituko du, eta 20:00etan musika eta sua uztartuko dituen ikuskizun batekin amaituko da eguna.

Azokan 65 postu baino gehiago bilduko dira. Plazaola-Mendialdeko eta Nafarroa osoko artisau eta elikagai ekoizleek bertako produktuak eskainiko dituzte: gaztak, taloak, eztia, sagardoa, hestebeteak eta bestelako jakiak, baita egurrezko, zeramikazko, ehungintzako eta larrugintzako artisautza-lanak ere.
Antolatzaileek nabarmendu dute, gainera, ekitaldiak jasangarritasuna, irisgarritasuna eta inklusioa sustatzeko neurriak izango dituela. Besteak beste, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, aparkaleku bereziak eta mugikortasun urriko pertsonentzako guneak prestatu dituzte, eta Zero Zabor ekimena indartuko dute hondakinak gaika biltzeko eta birziklatzea sustatzeko.