Nafarroan 400 foruzain berri izanen dira, 1.600 orotara

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 31

Foruzainen plantillak sabaia jo du. Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Barne Ministerioak 400 foruzain gehiago enplegatzeko hitzarmena adostu dute. Horrenbestez, 1.600 agente izanen dira orotara foru poliziaren barnean. Erabakia Nafarroako Segurtasun Batzarrean hartu dute; 2011tik lehen aldiz bildu da organo hori.

Nafarroako Gobernuak azaldu du neurriak Trafikoaren eskumenaren transferentzia osatzeari ez ezik, biztanleriaren hazkundeari eta segurtasun-behar berriei erantzuten diola. Aurreikusitako 400 plaza berrietatik 250 Herritarren Segurtasunera bideratuko dira, eta gainerako 150ak Trafikora.

Bilkuran, gainera, polizia-kidegoen arteko koordinazioa indartzeko hainbat neurri adostu dituzte. Horien artean da Larrialdien Plataforma Bakarra ezartzea 112 telefonoaren bidez. Sistema berriak 091 eta 062 zenbakietara iristen diren deiak ere integratuko ditu, eta esku-hartzeak automatikoki esleituko ditu unean erabilgarri eta gertuen dauden patruilen arabera.

Guardia Zibilak foruzain

Bestalde, Trafikoko Guardia Zibileko agenteek Foruzaingoan integratzeko baldintzak jasotzen dituen zirriborroa aztertu dute. Dokumentua eragindako agenteei eta Mahai Sektorialari helaraziko zaie, izapidetze administratiboari ekin aurretik. Prozesua gainbegiratzeko eta trafikoaren arloko koordinazioa bermatzeko jarraipen-batzorde espezifiko bat ere eratuko dute.

Akordioak, halaber, aurreikusten du Foruzaingoak Estatuaren identifikazio biometrikoko sistemara (ABIS) sarbidea izatea, Giza Eskubideen Bermeen Bulego Nazionalean parte hartzea eta Justizia Ministerioaren PIMIR plataforman integratzeko lan-talde bateratua sortzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!