Lizarrako alkate Marta Ruiz de Aldak bere horretan mantendu du txosnak tren geltokiaren inguruan ez kokatzeko erabakia, nahiz eta udaleko osoko bilkurak kontrako jarrera argia agertu. EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekinek debekuaren kontrako mozioa onartu zuten, txosnak urte luzez egon diren espaziora itzultzea ahalbidetzeko. Udalbatzako gehiengoari entzungo eginez, ordea, UPNk ez du baimenik emanen.
Mozioa babestu duten alderdiek salatu dute gobernuak ez dituela kontuan hartu ez udalaren gehiengoaren borondatea, ezta herritarren iritzia ere. Festagirok azken asteetan salatu du UPNren helburua txosnak desagerraraztea dela. Kolektiboaren arabera, udalak akordioak oztopatzen ditu eta antolatzaileak ekonomikoki itotzen saiatzen da, isunen eta prozesu administratiboen bidez. Gainera, gogorarazi dute ia 4.500 herritarrek bat egin dutela txosnen aldeko sinadura bilketan, eta 1.400 gurasotik gora ere alde agertu direla, haur aisialdirako gunea eta txosnak bateragarriak direla defendatuz.
Mobilizaziora joko du Festagirok
Uztailaren 31rako manifestazioa deituta dago, arratsaldeko 18:00etan Koroatze plazatik abiatuta. Mobilizazioa hirigunean barrena eginen da, eta aurten ere, Puiko Ama birginaren Bajadikaren ordutegiarekin bat eginen du; azken bi urteetan ekitaldi hori bertan behera utzi du Ruiz de Alda alkateak protestak direla eta.
Egoerak tentsio politikoa eta soziala areagotu du Lizarran. Alde batetik, udal gobernuak bere erabakia irmo mantentzen du; bestetik, udaleko gehiengo politikoak eta herritarren zati handi batek txosnek jaietan duten lekua defendatzen dute.