Beroteek %13 murriztu dute zereal-uzta Nafarroan

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 30a

Zereal-kanpainak 765.000 tona bildu ditu, meteorologia ezegonkorrak eta amaiera bereziki lehorrak baldintzatuta. Laboreak baldintza klimatiko berrietara egokitzeko 1.500 saiakuntza egin dituzte aurten gari, garagar, olo, koltza eta lekadunen aldaerekin.

2025-2026ko zereal-kanpainaren lehen datu ofizialak aurkeztu dituzte gaur Erriberrin. INTIAren balorazioaren arabera, aurtengo uzta ona izan da, baina aurreko bi kanpainetan lortutako emaitza errekorren azpitik geratu da. Izan ere, aurreko biurteko uzta, azken lau hamarkadetako emankorrenetakoa izan da. Aurtengo kanpaina, ordea, klimaren irregulartasunak baldintzatu du, eta horrek errendimendu oso desberdinak eragin ditu ustiategien eta eremu agroklimatikoen artean.

Klimatologia aldakorra

Negua euritsua izan zen, baina udaberria idorragoa eta beroagoa izan da, eta kanpainaren amaieran bero-boladek eta idorteak baldintzatu dute laboreen garapena. Hala ere, maiatzaren lehen hamabostaldian izandako euriak eta tenperatura epelak funtsezkoak izan dira hasierako aurreikuspen ezkorrak hobetzeko.

Eskualdeka, Nafarroako hegoaldeko soroetan errendimenduak ohiko batez bestekoen gainetik egon dira berriro ere, nahiz eta iazko errekorretatik urrun geratu. Iparraldean eta mendialdean, berriz, azken urteetako batez bestekoen antzeko ekoizpena ersietsi da.

Jardunaldiari hasiera Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Natalia Bellostas INTIAko zuzendari gerenteak eman diote. Aierdik nabarmendu du kanpainak berriz ere erakutsi duela Nafarroako nekazaritza gero eta klima-aldakorragoaren menpe dagoela, eta horren aurrean ezinbestekoak direla ezagutza, berrikuntza eta sektoreari egiten zaion transferentzia teknologikoa. Bellostasek, berriz, azpimarratu du lurzoruaren osasuna dela laboreen erresilientzia hobetzeko giltzarrietako bat. Haren esanetan, lurzoru osasuntsuek hobeto jasaten dituzte beroa, lehortea eta klimaren muturreko gorabeherak.

Balantzeaz gain, INTIAk bere esperimentazio-sarearen emaitzak ere aurkeztu ditu. Urtero 1.500 saiakuntza baino gehiago egiten ditu gari, garagar, olo, koltza eta lekadunen aldaerak aztertzeko. Helburua da klima-aldakortasun gero eta handiagoari hobeto erantzuten dioten barietateak eta laborantza-estrategiak identifikatzea, etorkizuneko kanpainetarako nekazaritza produktiboagoa eta iraunkorragoa sustatzeko.

Jardunaldian, halaber, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ongarritze-koadernoaren araudi berria aurkeztu du. INTIAk sektoreari laguntza teknikoa eskainiko dio araudi berrira egokitzeko eta ongarritze-planak diseinatzeko, nekazariek erabakiak informazio eta segurtasun handiagoarekin hartu ahal izan ditzaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!