Lurretik Platerera egitasmoaren bigarren edizioa aurkeztu dute asteazken honetan Iruñeko Katakrak Kantinan. Reyno Gourmetek eta Nafarroako Ostalaritzako Enpresa Txikien Elkarteak (ANAPEH) sustatutako ekimenak, aurten, gure lurraldeko hamahiru jatetxe eta hamabost laborari gazte bildu ditu, tokiko ekoizleen eta ostalaritzaren arteko harreman iraunkorrak sendotzeko helburuarekin.
Nafarroako gastronomiaren etorkizunak tokiko produktuan eta hura ekoizten duten pertsonengan oinarritu behar dela aldarrikatu dute egitasmoaren bultzatzaileek. Horregatik, proiektuak sukaldari gazteak nekazari, abeltzain eta elikagai-ekoizleekin harreman zuzenean jartzen ditu, elkar ezagutu eta produktu bakoitzaren jatorria, lurraldea eta atzean dagoen lana inspirazio iturri bihur daitezen.
Bigarren edizioaren berritasun nagusia topaketen formatuan datza. Iaz sukaldariak ekoizleen ustiategietara ziren osagaien jatorria ezagutu eta beren platerak aurkeztera. Aurten, aldiz, bidea alderantziz eginen dute. Ekoizleek jatetxeak bisitatuko dituzte, beren produktuak nola eraldatzen diren ezagutu eta sukaldariek ondutako gutiziak dastatzeko. Antolatzaileen ustez, aldaketa horrek ezagutza-trukea sakonduko du eta lankidetza berriak sortzeko aukera emanen du, hasierako harremanak egonkorrago bihurtuz.
Aurtengo edizioak Nafarroako elikagai-ondarearen aniztasuna islatzen duten proposamenak bildu ditu. Gaztak, barazkiak, arkumea, Galloway behikia, Nafarroako aratxea, Euskal Txerria, pottokaren haragia, gereziak, intxaurrak edo sagardo naturala dira plater eta kokteletako protagonista nagusiak.
Hauexek dira jatetxe parte hartzaileak:
- Morrudo – Aitor Lorente – Emadaizu gazta bat.
- Erri Berri Erretegia – Andoitz Delgado – Txingarretan egindako porrua, foie micuit-a eta muztioa; irailetik aurrera, txingarretan egindako sandiaren proposamena.
- Casa Zanito – Lorenzo Arejula – Tenpuran egindako kalabazin-lorea, mascarpon gaztaz, oreganoz eta albakaz betea, kalabazin-krema hotzaren gainean.
- Ceniza Urban Grill – Mario Soto – Oroitzapen Gozoa postrea.
- Ubuntu Gastronomika – Vicente Ursua – Barazki guztia, sukalde zirkularrai omenaldia.
- Olatzea Erretegia – Garikoitz Elizalde – Galloway idi-txuletaren proposamena.
- Geltoki – Jon Gulina – Dorraoko pottoka tartarra.
- Katakrak – Maitane Unzu – Nafar Kofta, Nafarroako Aratxearekin egindako haragi-bolak.
- Mise en Place Gourmet – Fran Fernández – Gazta eta sagar kroketa, gazta eta intxaur salmorejoa.
- La Catedral Taberna – Mauro Milagro – Milagroko gereziekin egindako gazpatxoa.
- Snob – (sukaldariaren izena ez da zehazten prentsa-oharrean) – Euskaltxerria eta Bere Iparra.
- Bartender Catering Cock – Diana Díez – Basoko Haizea koktela.
- Gatza– Otxokain gaztategiaren laguntzarekin osatutako proposamena.