Etxeko langileentzako erreferentziazko hitzarmen kolektiboa eskatu du ELA sindikatuak

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 22a

Argazkia: ELA sindikatua

Nafarroako Eraikinen eta Lokalen Garbiketa Hitzarmena izatea nahiko lukete. Eskaera egin eta urtebetera, Gobernuaren erantzunik ez dutela jaso salatu du sindikatuak

ELAk eskaera egin zion duela urtebete Nafarroako Gobernuari: etxeko langileentzako erreferentziazko hitzarmena Nafarroako Eraikinen eta Lokalen Garbiketa Hitzarmena izatea. Baina sindikatuak salatu du ez dutela erantzunik jaso.

Horregatik, administrazioaren isiltasun negatiboaren aurrean, ELAk helegitea jartzea erabaki du. Langileen Estatutuak berak jasotzen du aipatutako aukera. 92 artikuluak Nafarroako Lan Departamentua gaitzen du indarrean dagoen hitzarmen kolektibo bat zabal dezan hitzarmen bat negoziatzeko entitaterik ez duen sektore batera.

Kasu honetan, ELAren ustez, etxeko enpleguaren sektoreak ezaugarri horiek ditu, eta, horregatik, erreferentziazko hitzarmen bat aplikatzeko eskubidea izan beharko lukete. Era berean, sindikatu abertzaleak Nafarroako Gobernua osatzen duten eta babesten duten alderdi politikoak interpelatu ditu. Egungo aurrekontuekin zaintza-sistema betikotzen dela, prekarietatean eta pribatizazioan oinarritua, eta ez zaiela erantzunik ematen 2023ko Greba Feminista Orokorraren aldarrikapenei nabarmendu du.

9.000 etxeko langile inguru daude Nafarroan. Sindikatuaren ustetan, egungo zerbitzu publikoak ez direlako nahikoak eta egungo asistentzia-beharrak asetzen ez direlako. Horregatik, ELAk urratsak ematea eskatu dio Nafarroako Gobernuari, etxeko langileen baldintzak duintzeko, haientzat erreferentziazko hitzarmen kolektibo bat ezarriz. Era berean, zaintza sistema publikoa, doakoa, unibertsala, kalitatezkoa eta erantzunkidea aldarrikatu du. Etxeko enplegua, sektore feminizatua eta arrazializatua da gehienbat eta gaur egungo sektore prekarioenetako bat. Langileen % 25a erregularizatu gabe dago, prekarietate eta segurtasun eza gehituz haien lanari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!