Nabarreriako gerra Iruñeak Erdi Aroan bizi izan zuen gertakari krudel eta bortitzenetako bat izan zen. 1276an abiatu zen, eta aurten 750 urte betetzen dira iruindarren arteko gudua piztu zenetik. Gatazka luze horretan gertatutakoaren berri dugu Guilhem Anelier de Tolosa trobalariari esker. Okzitanieraz idatzita eta poema moduan, San Zernin, Nabarreria, San Nikolas eta San Migel burguetako bizilagunen arteko gerra horretako testigu izan zen Anelier. “Ez da testu objektibo bat. Anelier San Zernineko bandoko soldadua izan zelako, baina gerra horretako kronika aberatsa eta zabala egiten du”, adierazi digu Aritz Otazu, Mintzoa Argitaletxeko editoreak.
Mintzoa Argitaletxeak eta Iruñeko Udalak harribitxia argitaratu dute, Nafarroako guda izenekoa. Zurezko kutxa batean bi liburu aurkituko ditugu. Lehenengoak, Anelierren poemaren jatorrizko eskuizkribua erreproduzitzen du, gaur egun Madrilgo Historiako Errege Akademian gordetzen dena eta Iruñetik 1866an iritsi zena. Kodizeak 144 orri ditu, eta testuaren zatirik handiena kontserbatzen duen arren, ez da osorik iritsi gaur egunera arte. Eta bigarrenak, Peio Monteano Sorbet historialak egindako ikerketa historikoa jasotzen du, hobeto ulertzeko duela 750 urteko gertakari latza.
Euskalerria Irratiko Guardasola saioan Aritz Otazu, Mintzoa Argitaletxeko editorea izan dugu gonbidatu, argitalpenaren xehetasun guztiak ezagutzeko.