Ernai gazte erakundeak bere laugarren kongresua egin berri du. Ikasturte osoan zehar hausnarketarako tartea izan dute eta Bergaran egindako itxiera ekitaldian aurkeztutako ponentzia %92ko babesarekin onartua izan zen. Nazio aitortza lortzea helburu, borrokarako garaiak direla ere ohartarazi du Ernaik. Orain, hausnarketa egin eta gero, baita norabidea finkatu eta gero ere, ideia eta proposamen horiek lurreratzeko momentua iritsi da.
Hurrengo hilabeteetan herri eta auzoetako antolaketa indartuko du Ernaik eta eztabaidaguneak irekiko ditu, gazteen egungo arazoen inguruan hausnartzeko eta proposamen zehatzak lantzeko. Etxebizitza lortzeko eskubidea, lan duina lortzekoa, berdintasunaren bidean mugimendu feministarekin elkarlana edota euskara Nafarroa osoan ikasi eta hitz egiteko eskubideak aldarrikatzea izango dira borroka nagusiak. Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan Jon Arrieta Nafarroako Ernaiko kidea izan dugu gonbidatu.