Sola emaitza nabarmenak ari da lortzen abiadura patinajean. Adibidez, duela astebete eskas, hiru domina kolkoratu zituen Amaiako instalazioetan lehiatu zen Espainiako Pista Txapelketan. Maila kontinentalean ere badaki zer den podiumera igotzea, eta onena, ziurrenik, etortzeko dago oraindik. Izan ere, Zangozako patinatzaileak 18 urte besterik ez ditu.
Hasieran, bere jaioterrian jantzi zituen patinak, baina azken urteetan Iruñeko Donibane Kirol Elkartean dihardu. Aldi berean, eskubaloian eta mendiko bizikletan ere aritzen da. Kirolari petoa da Sola. Bada, Kirolerrian, azken urteetako hazkundeaz eta etorkizunera begira dituen ametsez galdetu diogu.