Arnasa diziplina anitzeko ikuskizuna da, zuzeneko musika, dantza garaikidea eta antzerki fisikoa uztartzen dituena esperientzia eszeniko poetiko eta sentsorial batean. Ikuslea gelditzera, entzutera eta arnastera gonbidatzen du, zaratak eta abiadurak markatutako mundu honetan.
Ikuskizunak isiltasunaren, entzute aktiboaren eta giza loturaren garrantziaz hausnartzen du. Musikaren, mugimenduaren eta ahotsaren bidez, Arnasak naturan eta gizakiaren barne erritmoetan inspiratutako bidaia sortzen du. Zirrara, indar fisikoa eta intimitate handiko uneak uztartzen ditu.
Zuzeneko musikak protagonismo handia dauka obraren barruan. Akordeoiaren, txalapartaren eta perkusioaren doinuek mugimendua eta ekintza eszenikoa laguntzen dituzten soinu paisaiak sortzen dituzte. Proposamenak euskal sustrai tradizionalak eta begirada garaikidea uztartzen ditu.
Jokai Konpainiaren hirugarren ikuskizuna da Arnasa, Jabier Leozen zuzendaritzapean. Talde artistikoa Asier Capon akordeoilariak, Markel Saiz aktoreak, Amaia Martinez dantzariak eta Imanol Ugarte eta Jabier Leoz txalapartariek osatzen dute.
Estreinaldia, ostiralean, maiatzaren 29an izango da Sanduzelaiko Civivoxean, arratsaldeko 7:30ean. Sarrera doan da, edukiera agortu arte. Jabier Leoz eta Asier Capon Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazara hurbildu dira ikuskizun berriaren inguruko xehetasunak kontatzera.