Herri batean sortutako ondare batzuk denborarekin desagertzen dira, esku pribatuetara pasatzen dira edo galtzen dira. Horiei, ondare migratu deitzen zaie. Cederna Garalur Garapen Agentziak bultzatutako proiektu bati esker, Nafarroako Mendialdeko ondarearen parte diren ehun ondasun baino gehiagoren memoria berreskuratu ahal izan da berriki. Ondasun horiek desagertu egin dira jatorrizko kokalekutik, salmentaren, lagapenaren, espoliazioaren edo abandonuaren ondorioz. Azkeneko zortzi hilabeteetan artxiboetatik ikertu eta herrietatik barna bidaia kontaezinak egin eta gero, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusi Juantxo Agirrek 105 elementu desberdin identifikatu ditu.
“Ez dugu inbentario soil bat egin nahi izan, toki erakunde, eragile eta herritarrekin partekatu dugu prozesua eta haien inplikazioa funtsezkoa izan da. Ondare bakoitzak akzio plan bat izango du atzean. Azkeneko helburua izango da ondarea herrira itzultzea eta ezinezkoa den kasuetan, erreplikak edo 3D dimentsioetako bertsioak egitea”, argitu digu Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari eta proiektuaren koordinatzaileak.
105 elementu horien artean daude, adibidez, Javier Etxeberria Artzibarren jaiotako txistulari ospetsuaren danbolina, La Roncalesa enpresako autobus bat, egun New Yorken dagoen Errondoko eliza erromanikoaren tinpanoa, zenbait argazki funts edota Olazti aldean aurkitutako dinosauro-garezurra. “Bidaia emozionala izan da, auzolanean egindakoa. Ondare hauek herrira itzultzea eta modu publiko batean gozatzea da gure helburua”.
Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saiora hurbildu da Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia proiektuaz mintzatzera.