Hortaz, Osasunak onik eta osorik bukatu du denboraldia, baina zaleak ez dira batere pozik. Salbazioa, normalean, ospatzeko moduko lorpena izaten da, baina oraingoan, zapore mingotsa utzi die gorritxoei. Klubarentzat hil ala biziko partida jokatu zen Getafen, eta irudi zinez etsigarria eskaini zuen Alessio Lisciren taldeak. Entrenatzaileak ez du irtenbiderik topatu azken asteetako beherakada gelditzeko, eta larunbatean ere, gainezka egin zion egoerak.
Lehen zatian, hainbestean aritu zen Osasuna. Bost atzelariko sistema plazaratu zuen, sendotasuna lehenetsiz, eta Getaferen estilo lakarrera egokitu nahian. Katramilaren erdian, geldikako jokoan arriskutsu agertu ziren gorritxoak, eta Raul Garcia de Harok oso gertu izan zuen 0-1ekoa. Alabaina, ez zuen ate aurrean asmatu. Eta bigarren zatian, markagailuan aurrea hartu zuen Getafek. Osasuna urduri zebilen ordurako, eta zorte txarra izateaz gain, akatsak pilatu zituen etxekoen golean.
Ezinak jota geratu zen Lisciren taldea, eta ez zen kolpetik altxatu. Asier Osanbela izan zen taldeari energia apur bat eman zion jokalari bakarra. Ezinbestean, Montilivira begira ipini ziren gorritxoak: bana ari ziren berdintzen Girona eta Elx, eta kataluniarren gol batek Bigarren Mailara bidaliko zuen Osasuna. Lemarrek langara jaurti zuen 80. minutuan, baina markagailua ez zen mugitu. Osasuna ez zen salbatu; salbatu egin zuten.
Denboraldiko azken partidaren analisia Oier Zumarraga eta Iosu Ganuza kazetariekin batera egin dugu.