Agoizko herrigunetik gertu, Gendulaingo parajea aurkitzen da. Erdi Aroan herria izan zen eta gaur egun, San Roman izeneko baseliza baino ez da geratzen zutik. Inguruko bizilagunentzat leku berezia da, bertan sinatu baitzen 1479. urtean agaramontarren eta beaumontarren arteko bake ituna Magdalena erreginaordearen agindupean. Tamalez, eta gaur egun ere gertatzen den bezala, gutxi iraun zuen bi aldeetako agintariek agindutakoa bakeak.
Bertan gertatutakoaren memoria berreskuratu eta Gendulaingo herria nolakoa zen jakiteko asmoz, Agoizko Historia Elkarteak (HIDEA) ‘Gendulain-San Roman Ermita: Bake Lekua’ proiektua jarri zuen martxan 2025eko urtarrilean. Elkarte honekin batera proiektua gauzatzen Aranzadi Zientzia elkarteko kideak egon dira. Cederna Garalur garapen agentzia, Agoizko Udala eta Caixa eta Caja Navarra Fundazioen laguntza ere izan du proiektuak.
Hiru ardatz nagusi izan ditu. Aitor Pescador historialariak Nafarroako eta Agoizko artxiboak arakatzen ibili da dokumentazio bila. Era berean, bi indusketa egin dira baselizaren ondoan. Bildutako informazioaren arabera, Erdi Aroko herrixka honek 8 etxe eta dorretxe bat zituen. Dibulgazioa izan da bigarren ardatza. Pescadorrek berak hitzaldiak eman ditu herrian eta Agoizko Eskolarekin elkarlanean unitate didaktiko bat kaleratu dute.
Eta azkenik, festa antolatu dute San Roman baselizaren parean maiatzaren 24an. Bake ituna gogoratzeko Josune Etxartek egindako eskultura inauguratuko dute eta dantzariak, gaitariak, erraldoiak edota Agoizko abesbatzak musika eta kolorea emango diote ekitaldiari.
‘Gendulain-San Roman Ermita: Bake Lekua’ proiektuaren berri izateko Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazara hurbildu zaigu Suberri Matelo Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea.