Xanti Kiroga (REAS): "Ezin dugu kapitalismoa bat-batean eraitsi, baina ekonomika solidariotik alternatibak sortzen ari gara"

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 19a

Ekonomia Sozial eta Solidarioaren XVIII edizioak ondorio mamitsuak utzi zituen joandako maiatzaren 8an, 9an eta 10ean. 'Arauak aldatzen: aberastasunaren bidezko banaketa' lemapean 200 pertsona baino gehiago eta erakunde andana bildu zuen ekitaldiaren bueltan aritu gara jardunaldia antolatu zuen REAS elkarteko Xanti Kirogarekin

Maiatzaren 8tik 10era bitartean egin zen Ideariaren XVII. edizioa, REAS-ek antolatutako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren bi urteko topaketa. Aurten, Arauak aldatzen: aberastasunaren banaketa justua lelopean egin zen jardunaldia, eta estatuko hainbat lekutatik etorritako 200 pertsona inguruk parte hartu zuten. Aberastasuna birbanatzeari eta bizitzaren iraunkortasuna ardatz duten alternatiba ekonomikoei buruzko hausnarketa, truke eta eraikuntza-jardunaldi kolektiboa izan zen. Ondorioa, Xanti Kiroga REAS Nafarroako koordinatzaileak azpimarratu bezala, iradokitzailea ere bada: “Argi dago oso momentu gogor eta zaurgarrian gaudela, sistemak ahalbidetzen du lanean egonda ere pobreziaren marginetan bizitzea, gaur egun oso zaila da, askorentzat ezinezkoa, lana edukita etxebizitzarako sarbidea edukitzea… Datu makroak ez dira txarrak, baina mikrora begiratzen diogunean atzematen da hori. Hala ere, alternatibak egon badaude, eta ekonomia sozial eta solidariotik berriak sortzen ari dira etengabe”.

Arauak aldatzen: aberastasunaren banaketa justua izan zen aurtengo jardunaldiaren lema. Izan ere, datuak argigarriak bezain muturrekoak dira, Intermon Oxfameko hizlariak jardunaldian plazaratu gisan. Munduan 3000 pertsonek 18 billioi dolar dituzte guztira, gero eta aberastasun gehiago pilatzen ari dira eta, aldi berea, pobrezia datuen joera gorantzakoa da. Nafarroan bertan, biztanleriaren %16,5 pobrezia arriskuan dago. Bestalde, ekonomia produktibotzat hartzen den sistema sostengatzen duen azpiratutako beste ekonomia, zaintza lanetan oinarritutako ordaingabeko lana, lehen lerrora ekartzearen garrantzia nabarmendu zen jardunaldian, besteak beste. "Horretarako finantza-sistema berritu beharra da, eta feminista izango den finantza sistema berri bat eraiki".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!