Nafarroako osasun zentro batzuetan 08:00etan jendetza pilatzen zen «eguneko hitzorduak» eskatzeko. Atzotik aurrera sakeleko telefono mugikorren bidez hartu ahal izanen da hitzordua.
Osasun Karpetaren funtzionamendua aldatu dute. Orain galdetegi bat gehitu diote. Galdetegi horrek herritarraren adinari, sintomei eta horien iraupenari buruz galdetuko dio, eta, horren bitartez, dagokion profesionalaren —medikuaren, erizainaren edo prozesu azkarretako erizainaren— agendara bideratuko du. Horrez gain, profesionalen agendak eskuragarri egongo dira webgunean, Osasun Karpetan eta aurrez aurre.
Eta adi egoteko datuak ere jarri dituzte mahai gainean: aurten, lehenengo lauhilekoan 65.796 hitzordu galdu dira pazientea ez delako hitzordura joan edo ez diolako telefonoari erantzun. Hori eragozteko, pazienteak gehienez har ditzakeen hitzorduak mugatu dituzte, eta hitzordua baino bi egun lehenago jakinarazpen bat jasoko dute: hitzorduaren eguna, ordua eta lekua adieraziz. Osasun Karpeta inoiz erabili ez dutenei formakuntza saio batzuk eskainiko dituztela ere jakinarazi dute.