Elia, Elhuyarren itzultzaile automatikoa

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 18a

Elia, Elhuyarrek 2019an testuak automatikoki itzultzeko martxan jarri zuen plataforma da. Hizkuntza desberdinen arteko komunikazioa erraztea du helburu

20 urte baino gehiago joan dira Elhuyar itzulpengintza automatikoaren arloan lanean hasi zenetik. 2002an hasi ziren hizkuntza teknologietan ikertzen, Hizking 21 izeneko proiektuaren bitartez. Teknologiaren garapenak edota inteligentzia artifizialaren agerpenak nabarmen aldatu du testuen itzulpengintza. Elhuyarrek garatutako aplikazioek ere transformazio handia izan dute.

Elia testuak automatikoki itzultzeko plataforma bat da. 2019ko azaroan jarri zen martxan, eta ordutik etengabe hobetu eta zabaldu da, erabiltzaileen beharretara egokitzeko. Helburua argia da: hizkuntza desberdinen arteko komunikazioa erraztea, modu azkar eta eraginkorrean. Hasieran bost hizkuntzarekin sortu zen (euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa), eta gaur egun seigarren bat gehitu zaio: ingelesa.

Erabilera oso sinplea da. Webgunera sartuta, testua idatzi edo itsatsi besterik ez da egin behar, eta automatikoki jasotzen da itzulpena. Horrez gain, fitxategiak ere igo daitezke zuzenean, eta sistemak dokumentu osoa itzultzen du, jatorrizko egitura eta formatuari ahalik eta gehien eutsiz.

Eliak hainbat aukera eskaintzen ditu: testu arrunten berehalako itzulpena; itzulpen gidatua, jatorrizko testuari aldaketak proposatuz; dokumentu formatudunen itzulpena, PDFak barne; itzulitako dokumentuak esaldiz esaldi editatzeko aukera edota estatistika aurreratuak kontsultatzeko aukera. Erabiltzaileen datuak eta bidalitako testuak modu seguruan kudeatzen dira.

Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan Amaia Jauregi, Elhuyarren itzulpengintzarako teknologien arduraduna gonbidatu dugu Elia Itzultzailea ezagutzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!