UEUk prest ditu aurtengo Udako Ikastaroak. Ekainaren 11tik uztailaren 10era bitartean 23 jardunaldi desberdin antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburuetan. Hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa bat egiteko asmoz antolatu dute ikastaroen 54. edizioa. “Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune izatea dugu helburu. Horregatik aurten ere hainbat eragileekin batera antolatu ditugu jardunaldietako batzuk”, adierazi digu Irati Iciar, UEUren Udako Ikastaroen arduradunak.
Bilbon abiatuko dira ekainaren 11n. ‘Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean’ du izena hasierako saioak. “Euskarazko produkzio zientifikoa gainbeheran doa, eta uste dugu horren arrazoi nagusia dela euskarak maila akademikoan izan beharko lukeen balioa ez edukitzea”. Euskaltzaindiaren laguntzarekin antolatu dute hasierako ekitaldia.
Udako ikastaroak ekainaren 25 eta 26an iritsiko dira Iruñera. Lau eztabaidagai proposatuko dituzte antolatzaileek: ‘Agur natura, ongi etorri zementua! Espazioen birnaturalizazioaren inguruko hausnarketa’, ‘Stuart Hall gura garaia irakurtzen’, ‘Justizia eraldatzailea praktika feministetan’ eta ‘Zergatik eta zertarako abertzale?’.
Ahalik eta jende gehien parte hartzeko asmoarekin, 12 euro balioko dute matrikula guztiek. Izena emateko epea jada zabalik dago eta informazio guztia ueu.eus webgunean aurkituko duzue. Aurtengo programa aletzeko Irati Iciar, UEUren Udako Ikastaroen arduraduna gonbidatu dugu Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazara.