Eskafandra, Raimundo el Canastero edo Sustraia bezalako taldeetan aritzeagatik ezagutzen genuen Iban Martin. Orain, aitaren galerak eragindako dolutik sortu du bere lehenengo bakarkako EP-a, Zaurietan lore. "Doluari hitzez eta musikaz erantzuteko modu bat izan da", argitu digu lekeitiarrak. Denborarekin, abestiak jantzi, ekoiztu eta grabatu zituen, apirilaren 24an, aitaren urtebetetzearekin bat eginez argitaratu zuen diskoan bilakatu arte. "Neurria hartzen noa, prozesu potentea izan da eta unean sentitzen dudana egiten ari naiz".
Musika bakarrik ez eta argazkilaritza afizio du Martinek. Hartara, argazki liburu forma ere eman nahi izan dio, berak zein bere osabak egindako Lekeitioko argazki analogikoekin osatu duena, unibertso moduko bat osatuz. "Disko hau, azkenean, nire aitari egin niezaiokeen omenaldi hoberena da". Sorterrian eman zuen lehenengo kontzertua, senide eta lagunez inguratuta, eta datorren astean emanen du bigarrena, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteak antolatzen duen Hotsegunak zikloan, iluntzeko 20:00etan.