Asobal Ligara itzultzeko ametsa du Anaitasuna eskubaloi taldeak. Larunbatean amaitu zuen ligako fase erregularra, eta 32-22 irabazi zuen Cajasol Sevilla liderraren aurka. Dagoeneko poltsikoan zeukan playoffak jokatzeko txartela, eta orain atseden txiki bat hartuko du, maiatzaren 23 eta 24an lauko finala jokatu aurretik.
Talde nafarrak 14 urte egin zituen jarraian Asobal Ligan, harik eta iazko denboraldian maila galdu zuen arte. Jaitsieraren ondoren, berregituraketa sakona izan zuen taldeak, eta urratsa egiteko tenorea iritsi zitzaien harrobiko jokalariei. Horietako bat da Ibai Etxarte. Lehen taldeak emandako aukera ederki baliatu du hegaleko nafarrak, eta harekin hitz egiteko aukera izan dugu Kirolerrian.