Nazioarteko uretan eta inpunitate osoz, bere legea ezarriz. Halaxe geldiarazi zuen Global Sumud Flotilla bere azken misioan Israelgo armadak, joan den apirilaren 30ean. Greziatik gertu zegoen une horretan Flotilla, eta 175 ekintzaile atxilotu zituzten. Atzo askatu zituzten azken bi aktibistak, Saif Abukeshek eta Thiago Avila. Tratu txarrak salatu dituzte atxilotutakoak eta horregatik gose greba abiarazi zuten atxiloaldia iraun zuen bitartean. Euskal Herrian ere greba abiarazi zuten hainbat ekintzailek, elkartasun keinu gisa, askatu zituzten arte.
Lander, Global Sumud Flotillako ontzi batean zihoan Israelgo armadak espedizioa erasotu zuenean. Kretan porturatzea lortu zuten zazpi orduko ihesaldi baten ostean. Tentsio handiko momentuak izan ziren arren, pozik agertu da ekintzaile nafarra: “Flotillak fokua Palestinak bizi duen egoera lazgarrian jarri du berriro. Azkenaldi honetan ahaztuta genuen bertan gertatutakoa. Milaka dira Palestinan eta Gazan zauritutakoak, zaurgarritasun egoeran daudenak eta gure laguntza behar dutenak. Ez dugu utziko sarraskia ahanzturan erortzea”. Global Sumud Flotillaren hainbat ontzi Turkian daude momentu honetan, bere ibilbidearen azkeneko etapa egiteko prest, oztopoak oztopo.
Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan Lander elkarrizketatu dugu eta bizitako esperientzia kontatu digu.