KIROLERRIA

Posible da oraindik

Eñaut Agirrebengoa 2026ko maiatzaren 11

Gizonezkoen Osasunak ahazteko moduko gaua izan zuen Levanteren zelaian: 3-2 galdu zuen, lehen 11 minutuetan bi goleko abantaila lortu arren. Europatik gertu jarraitzen du, ordea. Emakumeen taldeak, berriz, estropezu egin zuen playoffetako lehen partidan, baina azken unean sarturiko golak itxaropena eman zion

Osasuna Europako talde bihur liteke oraindik, baina horretarako, azeleragailua zapaldu beharko du denboraldi azken hiru partidetan. Aukera hor dago, baina Levanteren zelaian bezala jokatuta, ezinezkoa izango da. Ostiralean, denboraldiko estropezurik handienetako bat izan zuten gorritxoek. 11 minututan 0-2 hartu zuten aurrea sailkapeneko azken-aurrekoaren aurka. Denak arrosa kolorekoa zirudien, baina azkenerako, gau benetan beltza izan zuen Osasunak.

Tragediaren protagonista nagusia, Sergio Herrera izan zen. Lehenik eta behin, ekidin zitezkeen bi gol jaso zituen bi minutuko tartean. Eta akatsik larriena, edo deigarriena behintzat, atsedenaren atarian egin zuen. Areatik itsu-itsuan atera zen, baloi luze bat buruz urrundu nahian. Bada, eskuarekin ukitu zuen azkenean, eta ondorioz, jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen taldea.

Gorritxoek beren zelaian giltzapetuta igaro zuten bigarren zati osoa. Aitor Fernandezek bikain jardun zuen atepean Herreraren ordezko bezala, eta eztabaida izango da orain, Liscik hura hamaikakoan mantendu beharko lukeen edo ez. Atleticoren aurka, behintzat, derrigor jokatu beharko du. Zirenak eta ez zirenak gelditu zizkion Levanteri, baina azken txanpan, etxekoek hirugarren gola sartu zuten, Osasunak oso gaizki defendatutako falta batean.

Itxaropena galtzeko moduko neurketa izan zen, baina sailkapenak dio oraindik badela sinesteko motiborik: gorritxoek hiru puntura dituzte Europako postuak. Jaitsierakoak, era berean, bost puntura dituzte. Hori horrela, garrantzi handiko partida jokatuko dute bihar Sadarren, Atletico Madrilen aurka.

Emakumeen taldeak, berriz, galdu egin zuen playoffetako final-aurrekoetako joaneko partida: 1-2 Vila-realen aurka. Emaitzak, dena den, gozotik ere badu nafarrentzat. 88. minutuan 0-2 ari ziren galtzen, eta oso maldan gora zuten kanporaketa, baina itxaropena berpiztu zuen Claudia Jimenezek sarturiko golak. Galdu arren, partida ona jokatu zuen Osasunak, eta igandean iraultzaren bila joango da Vila-realen zelaira. 

Hori guztia mintzagai Kirolerriko Osasun-etxean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!