'Taupaka' musikala estreinatuko du Jaso ikastolak ostiralean

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 5a

Hamalaugarren musikala aurkeztu du gaur Jaso ikastolak. Ostiralean estreinatuko dute Barañaingo auditorioan eta 100. emanaldia izanen da. Taupaka ikuskizunak osasun mentalean jarri du fokoa. 52 ikaslek hartuko dute parte eta 18 musikarik hartuko dute parte emanaldietan: "Hezkuntza komunitate osoa ari da parte hartzen proiektuan", adierazi du Unai Arellano Jaso ikastolako zuzendariak. 

Hezkuntza eta arte eszenikoak uztartzen dituen eredua da musikalarena. "Azken ikuskizun honek 52 ikasle hartu ditu eta osorik eraman dute aurrera: gidoia, koreografiak, eszenografiak, komunikazioa eta ekoizpena", azaldu du Imanol Janices musikalaren zuzendariak. Hezkuntza komunitatearen lana ere goraipatu dute, aurten, 18 musikariz osatutako orkestra ere ariko delako zuzenean emanaldian: "Familien, irakasleen eta komunitateko kideen inplikazioa du proiektuak".

"Lan kolektibo erraldoia da musikala osatzearena", nabarmendu du Unai Arellano Jaso ikastolako zuzendariak. Ez da bakarrik lan bat oholtzaratuko, horren atzean dagoen lan eskergarengatik eta lantzen diren balioengatik ere garrantzitsua da musikala aurrera eramatea ikastolarentzat: talde lana, euskararen erabilera, ahozkotasuna… lantzen dira. Oraingo honek, Taupadak musikalak, zer irakatsi dion kontatu du Unax Diaz ikasleak: "Norberak bere buruarengan konfiantza izatearen garrantzia. Gugandik espero dena baino gure esku dagoena eta nahi duguna egitea. Konfiantza izatea norberaren buruarengan". 

Ostiralean estreinatuko dute, 11:00etan lehenbizi eta 18:00etan gero Barañaingo auditorioan. Gero iritsiko dira, Baluarte, Morea, Tutera edo Miserikordiako aretoak. EITBk eta Festarok emanaldia grabatu eta eskuragarri jarriko dute Makusi plataforman.

Nazioartera bidaia eta kanpusa

Musikalaren bueltan hamaika ikaslek aukera izanen dute Nazioartera bidaiatzeko eta Budapesteko eskola batek antzerkiaren eta kantaren arloan nola lan egiten duen zuzenean ezagutuko dute. Behin ikasturtea amaituta gainera, ekaineko azken bi asteetan Kanpus Artistikoa jarriko dute Lehen Hezkuntzako ikasleen eskura: kantu, akrobazia, antzerkia, eszenogradia, dantza eta multimedia tailerrak uztartuko dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!