Carlos Garaikoetxea Urriza politikari nafarra eta diktadura osteko lehenengo Lehendakaria 87 urte zituela zendu da gaur. Iruñeko Arrotxapea auzoan jaio zen 1938ko ekainaren 2an. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatu zen eta enpresa kudeatzaile aritu zen 70eko hamarkadan. Hamar urtez Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako presidente izan zen. Garai haietan euskara ikasi zuen eta Nafarroako lehenengo Ikastolen bultzatzaileetako bat izan zen.
Politikara jauzia 1975ean egin zuen. Nafar Buru Batzarreko presidente izan zen bi urtez eta 1977an Euzkadiko Buru Batzarreko presidente izendatu zuen alderdiak. 1979an, Nafarroako parlamentari hautatu zuten, baina 1980an, Gernikako Estatutua Madrilekin negoziatu eta gero, EAEko lehendakaria hautatu zuten. Besteak beste, Osakidetza, Eitb edota Ertzaintza sortu zituen bere lehenengo legegintzaldian eta Kontzertu Ekonomikoa bultzatu zuen. 1984ko hauteskundeen ostean berriro aukeratu zuten lehendakari, baina 1985ean kargua utzi zuen EAJko zuzendaritzarekin zituen desadostasunen ondorioz. 1986an Eusko Alkartasuna alderdia sortu zuen. Parlamentari eta Europako diputatu izan zen, lehen lerroko politika 1999an utzi zuen arte.
Euskalerria Irratiko sorreran ere lagundu zuen Carlos Garaikoetxea Urrizak.