Laster txapeldun izango den taldearen kontra, txapela kentzeko moduko partida osatu zuen Osasunak. Larunbatean Bartzelona ahaltsua izan zuen aurkari Sadarren, eta galdu arren, aho zapore nahiko gozoa geratu zitzaien harmailak goraino bete zituzten zale gorritxoei. Izan ere, Osasunak oso estu hartu zuen ligako liderra. Defentsan harkaitza bezain sendoa izan zen, baina euste hutsa ez zen aski izan nafarrentzat, eta partida hausteko zorian izan ziren behin baino gehiagotan.
Dena bikain egin zuen Osasunak, harik eta harresian pitzadurak agertu zitzaizkion arte. Bartzelonak bi gol egin zituen bost minutuan: Lewandowskik 81. minutuan aurreratu zituen kataluniarrak, Rashfordek errazegi egin zuen erdiraketa bakar-bakarrik errematatu ostean; eta bigarren gola 86. minutuan iritsi zen, Ferranen eskutik, gorritxoen baloi galera baten ondoren. Partida, ordea, ez zen erabakita geratu, Osasunak itxaropenari eutsi baitzion. Raul Garcia de Harok 1-2koa sartu zuen luzapenera iritsi aurretik, eta amaieran, Bartzelonak behin eta berriz begiratu behar izan zion ordulariari.
Azkenean, 1-2. Galdu arren, egindako lanarekin pozik geratu ziren gorritxoak, eta Europan sartzeko lehian bizirik dira oraindik. Ametsa egia bihurtzeko, ordea, perfekziotik gertu jardun beharko dute denboraldiko azken lau partidetan.
Emakumeen Osasunak, berriz, berdinketa gozoa lortu zuen Taxoaren Alavesen aurka, ligako azken partidan. Gorritxoak playoffak jokatzeko sailkatu dira, eta finalerdietan Vila-real izango dute aurkari. Joaneko lehia asteburu honetan jokatuko da, Taxoaren, eta itzulikoa aste bat geroago, Vila-realen zelaian. Liga bolada txarrean amaitu arren, esku artean aukera ederra du Josu Dominguezen taldeak.