PROIEKZIO-GELA

Aristarain, Argentinari lekua eman zion zinemagilea

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 29a

Hil berri den Adolfo Aristarain zuzendari argentinarraren ‘Un lugar en el mundo’ filmaren inguruan mintzatu da Itsaso Jauregi Proiekzio-gelaren atal berrian

Igandean hil zen Adolfo Aristarain zuzendari argentinarra. Sergio Leoneren zuzendari laguntzaile gisa hasi zen, eta hortik aurrera hasi zuen bere ibilbide luzea: Martin Hache, La ley de la frontera, Tiempo de revancha, eta gaur aipatuko duguna: Un lugar en el mundo, 1992ko filma. Aristarainen filmografiaren eta figuraren elementu asko nabarmendu behar dira: zinema oso politikoa, bere egilea bezala, Argentinako Mileiren aurka ere agertu zen, eta gogoeta sakonez beteriko gidoiak idatzi ditu. Bere film askotan abizen euskalduna duen pertsonaia bat dago.

Ernesto (Gastón Batyi) bere jaioterrira itzultzen da film hasieran, Argentinako San Luis herrira, bere haurtzaroa markatu zuten gertaerak gogora ekartzeko: paisaia ezaguna da berarentzat, baina horrekin duen lotura ia desagertu da. Pelikula flashback moduan kontatuta dago, Ernestoren ikuspuntutik. Han bizi izan zen gurasoekin: maisua zen bere aita, Mariorekin (Federico Luppi), eta medikua den bere amarekin, Anarekin (Cecilia Roth). Senar-emazteak Andrada herriko lurjabea dute etsai gisa, bertako nekazarien kooperatiba suntsitu nahi duelako. Mario eta Ana, erresistentzia peronistako militante ohiak dira, eta bizirik mantentzen dituzte beren idealak. Herrira Hans Mayer Plaza (José Sacristán) iristen da, Andradak bere lurretan petrolioa bilatzeko kontratatu duen geologo espainiarra. Hans eszeptiko bihurtu da; anarkista da, baina bere herrialdeko aldaketa politiko guztiak ikusi ondoren, dena zalantzan jartzen du. Baina oraindik bizirik dirau espiritu erromantikoaren zati batek, eta Mariori eta Anari laguntzea erabakitzen du.

Un lugar en el mundo Aristarainen zinemaren gailurra islatzen du zentzu guztietan; protagonisten hitzen laguntzarekin obra guztiz humanista da. Hans Ernestoren familiaren eguneroko bizitzan kanpoko agente gisa sartu izanak inflexio-puntua suposatzen du, batez ere mutikoarentzat: bere begietatik pertsonaia helduak oso modu sakonean ezagutzeko aukera ematen digu, eta bere gurasoak pertsona gisa ikusten ditu lehen aldiz, euren iraganarekin, hutsegiteekin eta desirekin, eta ez guraso gisa bakarrik. Oso film politiko eta malenkoniatsua da; John Forden western baten elementuak ere ditu.

1992an estreinatua izan ondoren, pelikulak nazioarteko ibilbide nabarmena izan zuen. Hala ere, Oscar sarietarako bidea desberdina izan zen. Nazioarteko filmik hoberenaren film onenaren kategorian parte hartzeko, herrialde bakoitzak film bakarra aukeratu behar du ordezkari ofizial gisa. Urte horretan, Argentinak beste film bat aukeratu zuen -El lado oscuro del corazón- eta, ondorioz, Un lugar en el mundo selekziotik kanpo geratu zen, nahiz eta Donostian, adibidez, Urrezko Maskorra eskuratu zuen. Baina zuzendariari ideia bat okurritu zitzaion: Filma Oscar sarietara eramatea, Uruguai ordezkatuz.

Estrategiak, hasieran behintzat, funtzionatu zuen. Filmak Uruguaiko inbertitzaileak zituen, eta gidoilarietako bat, Kathy Saavedra, bertakoa zen. Baina egoera azkar aldatu zen. Azterketa sakonago baten ondoren, Akademiak ondorioztatu zuen uruguaitarren parte-hartzea ez zela gehiengoa. Horrela erantzun zuen zuzendariak: “Egozten didaten bihurrikeria duela hogei urte uruguaitar batekin ezkondu nintzelako da. Nire emaztea den Kathy gidoilaria zenez filmak nazionalitate bikoitza du, eta Uruguaiko ekarpen ekonomikoak izan zituen. Zergatik ez nuen esan koprodukzio bat zela? Ez nuelako behar. Baina, nire pelikula kanpoan geratzen denean, zer egiten dut? Etxean negarrez gelditu?”. Un lugar en el mundoko Mariok esaten duen bezala: “Gerra galdu bada, gutxienez borroka bat irabazteko luxua eman nahi diot neure buruari”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!