Tortura kasuak ikertzeko exijituko diote Espainiari

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 24a

Torturaren zazpi biktimak euren kasuak berriz iker ditzatela eskatu dute. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako agindua bete dezatela eta euren kasuak berriz ireki ditzatela eskatu dute auzitegietan. Justizia sistemak erantzukizun hori bere gain hartu ezean, Nazio Batuen Erakundera joko dute.

Oihan Ataun, Patxi Arratibel, Mikel San Argimiro, Xabier Beortegi, Iñigo Gonzalez, Beatriz Etxebarria eta Martxelo Otamendik erabaki dute pausua ematea. Ikerketa falta, torturatzaileekiko inpunitatea eta babesgabetasuna salatu dituzte: "Garbi dago zer esan dion lerro artean Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako justiziari:ezin duela segitu tortura ukatzen, asmakizuna balitz bezala. Oso serio hartu eta aztertu behar dituela tortura salaketak". Prozesua, torturak iker ditzatela eskatzen duenak, ez da hutsetik hasiko: "Orain arte egindako bideari eutsi eginen diogu eta behar den tokiraino iritsiko gara Espainia kargu egin arte egindako hutsegiteez", azaldu du Oscar Sanchez abokatuak. Estrasburgoko agindua iritsi eta ofizioz, berehala egin beharko lukeelako ikerketa lana torturak jasan zituztenen ustez, baina halakorik ez da izan: "Zazpi kondena ditugu, euskal herritarrek jaso dute aitorpena instantzia altuenetatik eta ez da ikerketarik ireki". 

"Nahiz milaka kasu egon tortura salaketenak Espainiako Gobernuak ez du onartzen tortura existitu zenik ere", ohartarazi du Sanchezek. "Kasu bat huts geitea izan daiteke, bi kointzidentzia... hamar pertsonari eragiten dioten bederatzi kasu patroi bat dira", gaineratu du Sanchezek. "Milaka torturatzaileekin lerrokatu zen Espainiako Justizia sistemaren utzikeria pairatu zuten", azaldu du. Torturatuek argi dute: "Estatua demokratikoa balitz ez leudeke gaur agerraldi batean. Defizit demokratiko argi baten aurrean gaude. Torturak ezin dira zigorgabe geratu", salatu dute.

Otamendik gogorarazi du torturaren biktimak, bi aldiz direla biktima, gutxienez: tortura horiek jasandakoan eta tortura horiek ukatu zaizkienean. Aurrera pausoa emateko "ausardia eta kemena" izan dute zazpi torturatuk: "Orain eskatzen dugu biktimak behar duten unea delako, hori eskatzeko aukera ikusi dutelako zigorgabetasunaren eta preskripzioaren aurka dauden Nazioarteko erabakien ondoren". Beraz, Nazioarteko aginduak bete ditzala eskatuko diote Espainiako Justiziari. Ikertu gabe geratu dena, ikertzea, alegia. Finean, justizia aldarrikatzen ari dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!