Askotan gertatzen zaigu badakigula zerbait egin nahi dugula, baina ez dakigula zer. Bada sentsazio horretaz baliatuta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak lantegi eta emanaldi zikloa antolatu du, Zerbait egin nahi dugu baina ez dakigu zer izenburupean. Kultur diziplina ezberdinak landuko dira gazteekin euskara biziberritzeko helburuarekin. Erreferenteak topatu eta kultur sorkuntza prozesuak euskaraz garatzeko aukera izatea da programazio honen xedeetako bat.
Egitaraua, apirilaren 25ean hasiko da Txantrea auzoko Biltokin. Bertsotan aritzeko lantegia antolatu dute Ainara Ieregirekin eta ondoren, bertso-poteoan arituko dira Endika Legarra eta Aissa Intxaustirekin. Apirilaren 30ean berriz, bakarrizketa bat nola egiten den azalduko du Danel Galdaerak. Jarraian, Leo Bueriberiren bakarrizketaz gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Maiatzean, antzerkia eta liburugintza landuko ditu Taupak. 15ean, Zaldiko Maldikon antzerki laborategia antolatu dute Oier Zuñiga aktorearekin eta Geltokin Inprolabel antzerki inprobisatua taularatuko dute Lorena Aragoak eta Garazi San Martinek. Eta azkenik, maiatzaren 16an, Garazi Arrularen eskutik liburu bat nola egiten den lantegia egingo da eta jarraian solasaldia Maddi AneTxoperenarekin. Jarduera guztiak doakoak dira eta izena emateko modua sare sozialetan aurkituko duzue.
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko kide den Nora Gonzalez gonbidatu dugu Irrintzi Plazara ekimenaren berri emateko.