Ikuspuntu jaialdia XX.aldiaren bila abiatuko da gaur

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 20a

Gaurtik hilaren 25era eginen dute Ikuspuntu jaialdiaren XX. aldia, hemen Iruñean. Miquel Marti Freixas izanen du zuzendari artistikoa aurrenekoz eta hala Ikuspuntu Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak aro berri bati ekinen dio.

Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia, Punto de Vista, hogeigarren aldira iritsiko da aurten. Astelehenean abiatuko du bidea eta bost egunez 66 saio programatuko ditu: proiekzioak, zinemagileekiko topaketak, jarduera profesionalak, familientzako ekimenak eta musika-proposamenak. Zinema dokumental garaikidearen ezinbesteko topaketa gisa duen posizioa sendotzen segituko du Punto de Vista-Ikuspuntu jaialdiak bere hogeigarren edizioan ere. Sei egunez 90 film inguru eta 66 saio eskainiko ditu: proiekzioak bai, baina baita artisten arteko topaketak, hausnarketarako espazioak eta publiko mota desberdinentzako proposamenak.

Euskarazko eskaintza

Euskarazko proiektuei begira jarriz gero, ohartuko gara sail ofizialak ez duela euskarazko zuzendaririk aurten. Gainerakoetan, hiru lan ikusi ditugu: ostegunean, Gertutik begiratu Mirentxu Loyarteren oihartzuna zinema dokumental garaikidean. 1978ko Irrintzi film laburraren proiekzioa eta bere ondareari begirada, Iratxe Fresnedaren bidez, Irrintziaren oihartzunak 2016ko dokumentalaren egilea. Egun berean, Zinema Auzolanean proiektuaren baitan Hiruki films-en eskutik Kukuaren Kanta eta Ziarraize izeneko lanak emanen dituzte, Legardako eta Aurizperriko biztanleekin egindakoak. Ostiralean, apirilaren 24an iritsiko da Aitor Gametxo zinemagilearen lana: Geratzen den hori izenekoa. Egun berean Pablo Casanuevaren Gaulanak izeneko lana euskaraz ere emanen dute.

20:00etan inaugurazio ekitaldia

10:00etan eman dute Ikuspuntu jaialdiko sail ofizialeko lehen filma: Masayume. Ondoren datoz Letter to the Editor, Cairo Streets, I Lit the Fire!, Daria´s Night Flowers eta Esa otra selva blanca. Proiekizoak, topaketak, elkarrizketak.. ere lekua izanen dute eta gaur izanen da solasaldietako bat: Josetxo Cerdan, Oskar Alegria eta Manuel Asin Ikuspuntuko zuzendari izandakoak ariko bairira zinema dokumentalaren orainaz, etorkizunaz eta jaialdiaren eginkizunaz ere. 18:00etan abiatuko da hori. 20:00etan Ikuspuntu 2026aren inaugurazio ekitaldia eginen dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!