Itziar Alkorta: “Antibiotikoei erresistenteak diren bakterioei aurre egiteko ingurunea gehiago zaindu behar dugu”

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 16a

EHUko Biokimika Molekularra saileko irakaslea da Itziar Alkorta. Bakterioek antibiotikoen aurkako erresistentziak nola garatzen dituzten ikertzen eman ditu azkeneko 35 urteak

“Miresmena sentitzen dut bakterioekiko”, esan digu ziurtasun osoz Itziar Alkortak, biofisika, biokimika eta biologia molekularrean adituak. Zentzu negatiboa dutela pentsatu dezakegu baina bakterio gehienak onak dira. “Gure planetan agertu ziren lehenengo izaki bizidunak izan dira. Leku guztietan daude eta ikasi dute nola bizirik mantendu edozein baldintzetan. Erresilientzia gaitasun ikaragarria dute eta ezinbestekoak dira gu bizirik irauteko”. Txarrak diren bakterioak ere badira, eta horiek gure osasunean arazo larriak sortu dezakete.

Bakterioak agertzearekin batera sortu ziren antibiotikoak. “Bakterioek eta onddoek ekoizten dituzte antibiotikoak kopuru txikietan. Komunikazio molekulak dira. Flemmingek penizilina aurkitu zuenean, antibiotikoak medikuntzan erabiltzen hasi ziren kantitate handietan, hain zuzen, bakterioak hiltzeko kopuruan erabiliz”.

Bakterioak azkarrak dira eta ikasi dute antibiotikoei aurre egin eta erresistentzia egiten. Itziar Alkortak bere ibilbidean zehar ulertzen saiatu da bakterioek nola elkar trukatzen dituzten antibiotikoekiko erresistente egiten dituzten geneak. Fenomeno horri konjugazio bakterianoa deitzen zaio. Hori inhibitzeko lanean dabil Itziar Alkorta azkeneko hamarkadetan. Baina garatu daitezkeen medikamentuez gain, keinu txikiek ere lagunduko dute bakterio erresistenteak uxatzen, besteak beste, gure natura eta ingurunea gehiago zaintzea.

Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan Itziar Alkortarekin solasaldi interesgarria izan dugu eta bere ikerketen berri eman digu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!