Elhuyar Zientzia Azokaren zortzigarren edizioa apirilaren 25ean Baluarten

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 15a

Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren inguruko 51 proiektu desberdin aurkeztuko dituzte 15 ikastetxeetako 227 ikaslek

Elhuyar Zientzia Azoka, Nafarroa Teknozientzia ekimenaren zortzigarren edizioan, 227 ikaslek ikasturtean zehar garatutako STEM proiektuak ezagutzera emango dituzte.

Elhuyar Zientzia Azokako arduradun Danel Solabarrietak adierazi du “azokan ikusgai jarriko diren proiektuak ikasturtean zehar egindako lanaren emaitza dira. Zorroztasun zientifikoa, gaitasun digitalak eta berritzeko gaitasuna konbinatzen dituzte, inguruneari, osasunari, iraunkortasunari edo teknologiari buruzko galdera garrantzitsuei erantzuteko. Azoka bisitatzea aukera ezin hobea da zientzia laborategietan ez ezik, Nafarroako ikastetxeetako ikasgeletan ere gertatzen dela ikusteko”.

Iruñeko Baluarten erakutsiko dira proiektuak. Irekiera ekitaldia 10:30ean izango da, eta erakundeetako eta talde antolatzaileko ordezkariak izango dira bertan. Hurbiltzen direnek hiru orduz bisitatu ahal izango dituzte proiektu desberdinetako erakusmahaiak, zuzenean hitz egin ahal izango dute ikasle-taldeekin, eta bertatik bertara ikusi ahal izango dute Nafarroako gazteek nola aplikatzen duten ezagutza zientifikoa erronka errealei erantzuteko.

Elhuyarrek eta Iruñeko Planetarioak antolatu dute azoka. Helburu nagusia, kultura zientifikoa eta teknologikoa Nafarroako gizartera hurbiltzea da, etorkizuneko arazoetarako irtenbideak imajinatzen dituztenen talentua aitortzearekin batera. Irrintzi Plaza saioan Danel Solabarrieta Elhuyar Zientzia Azokako arduradunak zortzigarren edizioaren xehetasunak aurreratu dizkigu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!