Eskaera modu telematikoan edo aurrez aurre aurkeztu ahalko da; eskaera telematikoak ostegunetik aurrera aurkeztu ahalko dira Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren web orrian, baina eskaera aurrez aurre egiteko beharrezkoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea. Hitzorduak eskatzeko epea ere ostegunean hasiko da, eta astelehenetik aurrera egingo diete harrera eskaera aurkeztu nahi dutenei, Gizarte Segurantzaren egoitzetan, atzerritarrei arta emateko bulegoetan eta Correoseko zenbait bulegotan eta Nafarroan Comisiones Obrerasen eskutik ere bai. Argi dute sindikatuan prozesuak pertsona migratzaileen eskubideak aitortu eta gizarteratzea hobetzeko balioko duela.
Paperen erregularizazioa eskatu dezaketenen artean hamarretik zortzi lan egiteko adinean dago, horietako asko emakumeak dira eta zaintza lanetan ari dira. Horientzat ezinbesteko prozesua abiatuko da bihar, eta Comisiones Obreras sindikatua kexu da erakunde publikoetatik nahikoa baliabide jarriko ote den ez baitu ezagutzen.Hortaz, ezinbesteko jo dute baliabide gehiago bideratzea egonen den eskari guztiari egoki erantzun ahal izateko: zerbitzu publikoen bidez, espezializatutako langileen bitartez, itzulpen zerbitzuekin eta erakundeen arteko koordinazio handiagoarekin.
Baldintzak betetzen dituzten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango diete, eta osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea. Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera ere izango dute. Urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute.