Ehunka militante atera nahi ditu ELA sindikatuak kalera Iruñean eta Bilbon eginen dituzten mobilizazioetara. Justizia sozialaren alde eta faxismoa zein inperialismoaren aurka borrokatzea izanen ditu xede Maiatzaren Lehenak. Lanbide arteko gutxieneko soldata 1500 eurokoa exijitzeko eta 2025ean erdietsitako garaipenak ospatzeko ere baliatuko dute Langileen Nazioarteko Eguna.
Aberastasunaren banaketa bidegabea, NATOren parte izateari ezezkoa eman zitzaionetik 40 urte pasatzea eta faxismoaren gorakada jarri dituzte egungo testuinguruaren ezaugarri. Horiei aurre egiteko lan egiten ari direla nabarmendu dute ELA sindikatuan. Horretarako, ezinbesteko jotzen dute erreforma fiskala egitea eta gutxieneko soldata propioa ezartzea batetik, inperialismoari ateak ixtea bestetik eta faxismoaren gorakadaren aurrean Erorien Monumentuaren eraistea eskatzea azkenik. Bertatik abiatuko dute hain zuzen Maiatzaren Leheneko manifestazioa 11:30ean.
Iaz eskuratutako garaipenei balioa emanen zaie, Nafarroarentzat lanbide arteko gutxieneko soldata exijituko dute, NATOren desegitea eskatu eta Erorien Monumentuaren eraisketa galdeginen dute. Horrez gain, bestelako aldarriak ere ekarri dituzte gogora: Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa, justizia feministarentzat ere baliagarria litzatekeela, oraindik orain, soldata arrakala Nafarroan %20koa baita, edo %30ekoa pertsona migratuekiko, adibidez.