Miren Zabaleta: “Gerren aurrean herritarrentzat aterpe batean bihurtu behar dugu Euskal Herria”

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 31

EH Bilduk Aberri Eguna ospatuko du igandean Iruñean, ‘Zazpiak bat egin’ lelopean. Egungo gerra agertokiaren aurrean burujabetzaren, autodeterminazioaren, elkarrizketaren eta bakearen aldeko apustua egiten du alderdi subiranistak.

Azkeneko urteetan egin bezala, EH Bilduk Iruñean ospatuko du Aberri Eguna apirilaren 5ean, eguerdian Golem Zinema ingurutik abiatuko den manifestazioa hitzordu nagusia izango delarik. Aurtengo leloa: Zazpiak bat egin. Alderdi subiranistak adierazi duenez, “ziurgabetasuna nagusi den garaiotan ziurtasuna emango duen zerumuga erdiesteko helburuarekin antolatu dugu jardunaldia”.

Aberri Egunaren helburuez galdetuta, Miren Zabaleta EH Bilduk Nafarroan duen koordinatzaileak adierazi du gerren aurrean burujabetzaren, autodeterminazioaren, elkarrizketaren eta bakearen aldeko apustua egiten dutela. “Mugak jarri eta babeslekua eraiki behar dugu. Ahalik eta adostasun eremu sozial eta politiko handienak lortu behar ditugu ultraeskuinaren mehatxuari aurre egiteko eta gure herrian beste norabide batean aurrera egin ahal izateko. Helburu horretan, jendearen parte hartzea beharrezkoa da. Gehiengo hauek lortzeko, herritarrok atea itxi behar diogu ultraeskuinari eta eragile politiko eta sozialei dagokigu eskaera horiei forma ematea”.

Igande eguerdian Golem inguruetatik abiatuko den manifestazioa izango da ekitaldi nagusia. Ondoren, kale animazioa fanfarre, trikitilari eta buruhandiekin. Arratsaldean, haurrentzako jolasak egongo dira Burguen plazan. Eta arratsaldean, kontzertuak Gazteluko Plazan: Bele, Marte Lasarte eta Tapia eta Leturiarekin.

EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako Osasun Legea desblokeatzen duen akordioaz, asteburuan bukatu zen Korrikaz edota Parlamentuan martxan dagoen ikerketa batzordearen inguruko balorazioaz ere galdegin diogu Metropoli Forala saioan Miren Zabaleta, EH Bildu Nafarroako koordinatzaileari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!