Soziodinamikan, masa kritikoa jokabide, ideia edo teknologia bat bereganatzen duten pertsonen kopuru minimoari dagokio, hura jendarteratu eta bere kabuz iraun dezan. Fisika nuklearrari dagokionez, masa kritikoa kateko erreakzio nuklear iraunkor bat mantentzeko behar den material fisionagarriaren gutxieneko kantitatea da. Marketingari erreparatzen badiogu, masa kritikoa produktu edo zerbitzu batek bideragarria izateko eta bere hazkundea sortzeko behar duen erabiltzaile-kopurua da.
Baina zer gertatzen da masa kritikoa bi zirriken gainean jartzen badugu? Masa Kritikoa, hilean behin Iruñerriko kaleak hartzen dituen bizikleta martxa da. Antolatzailerik gabeko mugimendu herritar horizontala da, Iosu Marti kideak argitu digun bezala, bizikletaren presentzia aldarrikatzen duena, hiri bizigarriago bat helburu. Horretaz gain, hamaika borroka gurutzatzen dira bere bidean. Atzera begiratua egin diogu bere sustraiak 70eko hamarkadan dituen bizikleten mugimenduari.