"Euskal lurralde guztietan Aberri Egunari ofizialtasuna eta instituzionalizazioa eman behar zaio", hala adierazi du Xabier Euzkitze EH Batera taldeko kideak hitza hartzerakoan. Aberri Eguna Euskal Herriaren egun bilakatu dadila eskatu du, "arduraz eta anbizioz jokatzeko garaia da. Euskal Herria eta bere komunitatea indartu behar ditugu sinbolikoki, politikoki eta instituzionalki". Lizarrako Los Llanos kulturgunean egin du aurten EH Baterak beste zenbait eragilerekin batera Aberri Eguna.
EH Batera-k inoiz baino beharrezkoago jo du euskal lurraldeen batasuna adieraziko duen ospakizun ofizial bat egitea urtero. "Horri Aberri Eguna esaten zaio; alegia, Euskal Herriaren izatea ospatzeko eguna izan behar du", adierazi du Euzkitzek. Aberri Egunari orain ez duen aitortza eta zabalpena ematea urrats txiki bat izango litzatekeela iruditzen zaie. Euskal nazioa garela adierazteko egun ofiziala izateak eta hura instituzionalizatzeak euskal herritarron batasuna, parekidetasuna eta subiranotasuna adieraziko lituzkeela, era berean. Egunaren beraren sinbologia indartzeko eta aitortza handitzeko eskatu dute.
Lizarran egitearen sinbolismoa
Ekitaldiak ordubete inguru iraun du, eta bertan protagonismo berezia izan du Lizarrako herriak. Dantzak, jotak eta kantak entzun dira. Unerik hunkigarriena Fortunato Agirreri, 1936an fusilatua izan zen alkate abertzaleari, egindako omenaldia izan da. Mikele Agirre alabak esker hitzak izan ditu: "Nire aita abertzalea zen eta Euskal Herria maite zuen, bere ohiturak eta hizkuntza. Euskaldun berria zen, eta primeran egiten zuen euskaraz. Baina, ororen gainetik, demokrata handia zen". Fortunato Lizarrako alkate izan zen II. Errepublika garaian eta haren udalak euskal kultura bultzatu zuen. Hala gogoratu dute.