Lucia depresioak jota dago, eta nortasun bikoitza du; haren beste nia Yoldi da, loreak zaintzen dituen emakume alaia. Jose Manuel psikoterapeutak, berriz, adimen artifizialarekin baino ez du hitz egiten kontsultatik kanpo. Eta Martina psikiatra oso bolada latza bizitzen ari da. Paralisi eta min metafisiko desberdinek zeharkatzen dituzte Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlaneko pertsonaiak. Obra gaur bertan taularatuko du Tanttaka konpainiak, Burlatako Kultur Etxeko antzokian, arratsaldeko 20:00etan.
Bakardadeari, buruko gaitzei, maitasun ezari, zahartzaroari, nork bere buruaz beste egiteari, depresioari eta gorputza mugitu ezinik baina burua bizi-bizi izateko adoreari buruzko tragikomedia da obra. Antzezlanaren egile Mireia Gabilondoren hitzetan, izan ere, komedia eta drama oso hurbil daude bertan. "Obrak duen gauzarik hoberenetariko bat, hain zuzen ere, tonua bera da. Min egiten diguten gauzen inguruan mintzatzeko, umore beltza, umore zorrotza erabiltzen dugu". Oholtza gainean, aspaldiko lankideak dituen Telmo Iruretarekin eta Aitziber Garmendiarekin arituko da Gabilondo bera, antzezlaneko hiru bazterretatik aritu dena: obraren idazle, zuzendari eta aktore.
Iaz estreinatu zen obra, Madrilen, jatorrizko gaztelerazko bertsiona, eta ordutik "bide polita" egin duela azpimarratu du zuzendariak. Gaurko emanaldia arratsaldeko 20:00etan izanen da Burlatako Kultur Etxean, eta sarrerak leihatilan bertan zein aldez aurretik webgunean eskuratu daitezke.