450 egun hitzarmenik gabe daramatzate Gurutze Gorriko langileek. "Erraz esaten da, baina 2024ko abendutik iraungita dugu indarrean genuen hitzarmen propioa, horrek esan nahi duen guztiarekin: soldata eta lan baldintzak izoztuak ditugu", azaldu du Sarai Mesa Gurutze Gorriko langile eta LAB sindikatuko lan batzordeko ordezkariak. Negoziazio-mahaia osatu zuten 2025ean: "Langileen ordezkariak prest azaldu gara uneoro elkarrizketaren bidean negoziatzeari. Enpresak baina, ez du jarrera bera izan", kritikatu dute.
Enpresak mahai gainean jarritako eskaintza, Gizarte Ekintza eta Esku-hartzearen Sektoreko hitzarmenean txertatzea izan da: "Langileok badakigu horrek hitzarmen propio batek baino baldintza kaxkarragoak jasotzen dituela, eta hortaz, okertu eginen direla gure eskubideak eta baldintzak. Besteak beste, 2025etik galdutako eros-ahalmena galduko genuke", salatu dute. Orain arte izan dituzten eskubideak galtzearen kontra azaldu da lan taldea: "170 langile inguru gara, sektorea, esan gabe doa, feminizatua dago, gehienak emakumeak baikara", ohartarazi du. Pertsona zaurgarrienekin egiten dute lan zenbait arlotan: migrazioa, gazteria, adineko pertsonak, osasun arloa… Baldintzen hobekuntza bermatuko duen enpresa-itun baterantz aurrera egiteko jarrera eraikitzaileago bat eskatu diote enpresari negoziazioak fruituak eman ditzan.