‘Gure Basoak’ hobeto ezagutzeko gida

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 25a

Aranzadi Zientzia Elkarteak Gipuzkoako basoak eta landareak hobeto ezagutzeko gidaren hirugarren edizioa argitaratu berri du

“Gidaliburu guztiz intuitiboa, zuhaitzen mundua arrotz zaienei zuzenduta eta Gipuzkoako basoen altxorrak urratsez urrats ezagutzeko aukera emango digun lana” da Gure Basoak. Gipuzkoako basoak eta basoetako landareak ezagutzeko gida. Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika atalak argitaratu zuen lehenengo aldiz 2020an eta izandako harrera onaren ondorioz, hirugarren edizioa jada eskuragai dago.

Mikel Etxeberriak, liburuaren egilekideak dioenez, “azken urteotan gizarteak hirietara jo du, landa inguruneak alde batera utzita. Joera gero eta nabarmenago horrek eragin negatiboa izan du gure inguruko natura-ondarean eta landa-inguruneko kultura-transmisioan, eta ondorioz, ezagutzan”.

Gipuzkoan aurkitu daitezkeen habitat bakoitzari atal bat eskaintzen zaio liburuan: Hariztiak, pagadiak, ameztiak, haltzadiak, artadiak eta landaketak. Horietako bakoitzean aurkitu daitezkeen landare desberdinen inguruko informazioa topatuko du irakurleak. Gidaren berezitasunetako bat da ez duela argazkirik, ilustrazioak baizik. Raul Dominguezek egin ditu. Halaber, liburuak hainbat jarduera ere proposatzen ditu urtean zehar egin ahal izateko. Liburua Aranzadiren webgunean eskuratu daiteke.

Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan Mikel Etxeberria, gidaren egileetako bat izan dugu gonbidatu, Gure Basoak. Gipuzkoako basoak eta basoetako landareak ezagutzeko gida aurkezten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!