Aurki iritsiko da 2025ari dagokion errenta aitorpena egiteko garaia: apirilaren 9an hasiko da eta ekainaren 25era arte aurkezten ahalko da. Berrikuntzekin iritsiko da aurtengo kanpaina, bereziki zerga atxikipenei dagokienez, baina baita errenta bera egiteko moduari dagokionez ere: gero eta automatizatuagoa izanen da. Atxikipenaren kasuan aldaketa zenbait nabarituko dute errenta baxu eta ertainek (17.000 euro baino gutxiagoko errentek ez dute aitorpenik egin beharrik), auto elektrikoek edota etxebizitzagatik aitortzen denak. Ogasun Departamentuak aurreko urteetan bezala asmoa du xehetasun guztiak argi uzteko agerraldi batean eta hori kanpainaren hasieraren bezperetan izanen da.
Ordura arte zenbait datu aurreratu ditu: 2025eko errenta aitorpena ordaintzera ateraz gero, posible da ordainketa kolpe bakarrean egitea edo bi alditan. Hala balitz, uztailaren 3an izanen da lehen ordainketa eta bigarrena azaroaren 20an. Aldiz, errenta aitorpenean ogasunak dirua itzuli behar badu aitorpena aurkeztu eta egun gutxira eginen du ordainketa.
Errenta aitorpenaren aurkezpena
Hiru modalitatetan egin daiteke norberaren errenta aitorpenaren aurkezpena: interneteko webgunearen bitartez, izan liteke ogasunak berak bidaltzea errenta aitorpenaren proposamena egina edo telefono bidez zein bertatik bertara ere egiteko aukera eskainiko du Ogasun departamentuak, beti ere aurretiko hitzordua hartu behar izaten da.