Victor, 65 urteko gizona homosexuala da. Zahartzen ari da eta bere bizitzaren zati bat ezkutatzen dio familiari, gaitzespenaren beldur delako. Hiesa duela eta bikotea familiaren aurrean ezkutatzen ditu. Bilobarekin bakarrik lortzen du konplizitatea. Piruletas, Carlos Martinezek zuzendua, hirugarren adinean hiesa dutenen estigma, LGTBIQ+ kolektiboko kidea izatearen diskriminazioa eta adinkeria jorratzen dituen film laburra da.
Hiesaren Kontrako Batzordeak, Harrotuk eta EHGAMek zineforuma antolatu dute martxoaren 25ean, San Ignacio kalean Harrotuk duen egoitzan. Bertan, film laburra ikusteaz gain, eztabaida, solasaldia eta lan dinamikak antolatu dituzte, hiesarekin bizi diren adinekoen pertsonen errealitatearen eta beharren inguruan hausnartzeko. Saioaren gidaria Oskar Sada, EHGAMeko kidea da eta Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan izan dugu gonbidatu.