Ispiluaren aurrean jarri eta bere buruari barre zein kritika egiten dio Pedro Almodovarrek bere azken filmean, zinema aretoetara iritsi berri den Amarga Navidad-en. Gontzal Agote Irrintzi Plazako kolaboratzaile eta kritikariaren arabera, "ispilu jolas" interesgarria eta ederra egin du zinemagile andaluziarrak lan honetan, eta horretarako mailako aktore taldeaz inguratu da, horietako asko ohikoak dituenak: Barbara Lennie, Leonardo Sbaraglia, Aitana Sánchez-Gijón, Patrick Criado eta Milena Smit, beste kameo eta aurpegi ezagun askoren artean, tartean Rosi de Palma mitikoa. Bere buruaz bakarrik ez, eta sorkuntzaren zilegitasunaren mugen inguruan ere hausnartzen du Almodovarrek, autofikziotik asko duen eta bere azken urteotako estetikari eusten dion film honetan.