Gladys West, GPS-aren oinarriak ezarri zituen lehenengo matematikaria

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 24a

Gizalabak-en atal berri honetan, GPS-aren oinarrian bilakatu ziren ekuazioak ebatzi zituen lehenengo matematikaria ekarri digu Bakarne Atxukarrok

Gladys West matematikari estatubatuarra izan zen, GPSa garatzera eraman zuten  egindako ekarpen matematikoengatik ezaguna. 

Gladys West 1930ean jaio zen Virginian, Estatu Batuetan, eta, gainerako beltz guztiek bezala, txikitatik bizi izan zituen arraza-segregazioaren eta diskriminazioaren ondorioak. Nekazari familia batean jaioa, haurtzaroan denbora asko eman zuen familiaren lurretan lan egiten. Hala ere, txikitatik jakin zuen ez zuela bizitza osoan tabakoa biltzen lan egin nahi, eta erabaki zuen hezkuntza izango zela bere buruarentzat bizimodu desberdina bilatzeko modua.

Hezkuntza hori Eskola Gorrian hasi zuen, (Gladysen lehen hezkuntzako ikastetxeak izengoiti hori zeukan). Oinez egin behar izaten zituen bost kilometro hara joateko eta handik bueltatzeko, baina pozik egiten zituen. Adin guztietako ikasleak elkarrekin zeuden  ikasgela berean, eta bera laster nabarmendu zen  denen artean.

Derrigorrezko hezkuntzaren amaiera aldera, bere familia aurrezten saiatzen zen unibertsitatera bidali ahal izateko, baina ustekabeko gastuek familiaren aurrezkiak jaten zituzten behin eta berriz, eta Gladys berehala ohartu zen ikasten jarraitu nahi bazuen horretarako baliabideak aurkitu beharko zituela berak. Garai hartan promozio bakoitzeko bi ikasle onenei beka ematen zieten. Hori ikusita, Westek erabaki zuen horietako bat lortu behar zuela. Eta  erdietsi zuen. Horrek aukera eman zion Virginiako Estatuko Unibertsitatera joateko.

Halere,  laguntza ekonomiko horri esker ikasketak ordainduta egon arren, diruaren arazoa ez zen desagertu: etxea, janaria, arropa eta beste gastu batzuk  ordaindu behar ziren oraindik. Hasieran, gurasoen laguntza izan zuen, baina laster ikusi zuen lan bat behar zuela. Zorionez, matematikako irakasleak lana eskaini zion, umezain gisa, berak onartu zuena graduatu arte.

Gero, graduatu zenean, irakasle hasi zen lanean, eta aurreztu egin zuen ikasten jarraitzeko.

Horri esker, geroago unibertsitatera itzuli ahal izan zen, eta Matematikako master titulua lortu zuen. Berriro aritu zen irakasle, baina laster aurkitu zuen lana Virginiako Dahlgren itsas basean. Orduan, base militar horretan bere historia osoan programatzaile gisa kontratatutako bigarren emakumea izan zen, eta base osoko lau langile beltz bakarretako bat.

West kontratatua izan zen makinentzako programazioa garatzeko. Han ezagutu zuen gero bere senarra izango zena, Ira West, baina hasieran haren ezkontza eskea onartu, lana zelako berarentzat inportanteena.

Nahiz eta oso talentu handikoa izan, eta oso adimentsua, Gladys bere arrazagatik txiki sentitzen zen. Sentimendu horrek beti bultzatu zuen ahal bezain gogor lan egitera. Lankideak beti adeitsuak  izan ziren arren, hasieran haietako inork ez zuen harekin harremanik izaten bulegotik kanpo. Gladysek ahaleginak egiten zituen hark aztarna ez uzteko ariman. Horregatik, lanean zentratu zen buru-belarri.

60ko hamarkadaren hasieran, Westek Plutonen mugimendua Neptunorekiko erregularra zela erakutsi zuen lan batean parte hartu zuen. Horrek bidea erraztu zion Seasat sateliteko zati bat garatuko zuen proiektuaren buru izateko. Seasat hura ozeanoak monitorizatzeko garatutako lehen satelitea izan zen.

Zeregin horretarako, West ordenagailu bat programatzeaz arduratu zen, lurreko esferaren eredu bat garatzeko kalkulu zehatzak lortzeko aukera eman ziona, gerora, GPSa sortzeko funtsezkoa izan zena.

Bera eta bere taldea lanean ari ziren bitartean, Westek aukera guztiak aprobetxatu zituen ikasten jarraitzeko. Arratsaldeetan joaten zen klaseetara, eta, azkenean, beste master-titulu bat lortu zuen administrazio publikoan, Oklahomako Unibertsitatean.

Horretaz aparte, bere bizitza basearen inguruan  antolatu zuen, eta hori batzuetan bakarti samarra zen, eta bere inguruko mundutik isolatzen zuen. Kontuan hartu behar dugu aldarrikapen eta protesta garai bat egokitu zitzaiola, arrazen araberako segregazioaren amaiera lortzeko.

Berak eta senarrak protesta baketsuak egiten zituzten. Baina ezin zuten parte hartu manifestazioetan edo horrelakoetan, lana galtzeko arriskua zutelako. Beraz, bere lanean gehiago murgiltzea erabaki zuen, onena izanik, jendeak beltzaren aurkako estigma eta aurreiritzietako batzuk ezabatuko zituelakoan. Egindako lanari esker lankideen begirunea lortu zuen, oso baliagarria baitzen.

West 1998an erretiratu zen, 69 urterekin, ikasketekin aurrera egiteko asmoz. Iktus batek helburu hori atzeratzera behartu zuen, baina 2000. urtean, 70 urterekin, administrazio publikoen arloko doktoretza amaitu zuen. Aurtengo urtarrilaren 17an hil zen, 95 urte zituela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!