Euskararen ezagutzatik erabilerara pasatzeko bide izanen da Iruñerriko V. Mintzodromoa

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 24a

Iruñerriko V. Mintzodromoa aurkeztu dute gaur.

Iruñerriko V. Mintzodromoa eginen dute apirilaren 22an 18:00etatik aurrera Baluarten. "Euskara erdigunera ekarriko dugu. Baluartek hartuko duen topaketa euskararen harreman sareak zabaltzeko baliagarria izatea nahi dugu", adierazi du Euskarabideko zuzendari Jabi Arakamak. Euskarabidearekin batera elkarlanean aritu dira mintzodromoa prestatzen Iruñeko Hizkuntz Eskola Ofiziala, Zubiarte Euskaltegia, AEK eta IKA eta baita Taupa Mugimendua ere. 

Bosgarren aldiz eginen dute Iruñerriko Mintzodromoa: "Ez hasieran bezain prekario, baina bai hasierako ilusio berarekin", adierazi du Zubiarte Euskaltegiko zuzendari Ainhoa Madariagak. Euskara, erdigunera ekarriko dute. Baluarten eginen dute "harreman sareak zabaltzeko" baliagarria izan nahi duen euskaldunen topagunea.

Euskarabideak parte hartzen du duela hiru urte antolaketan eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte Euskaltegiak, AEK eta IKA zein Taupa Mugimendua ari dira prestatzen. "Euskara ikasten ari direnentzat espazio seguru bat osatzen  ahalegintzen gara mintzodromoarekin: konfiantzan aritzeko euskaraz eta konplexurik gabe. Gakoa baita erabilera sustatzea", azaldu du Jabi Arakama Euskarabideko zuzendariak. Elkarlana goraipatu dute:"Euskara indartzeko bidean ezinbestekoa da elkarrekin egitea bidea. Giro ezin hobea sortu eta euskaraz aritzea da mintzodromora gonbidapena", esan dute Madariagak eta Arakamak. Aurten ere gonbidatu bereziak eta zozketak izanen dira: Sarai Robles bertsolaria,  Julen Goldarazena Flako Fonki abeslaria eta Goxuan Salsa taldeko Claudia Rodriguez musikaria, Exprai marrazkilaria eta Oskar Alegria zinemagilea izanen dira. 

Euskalerria Irratiak ere parte hartuko du V.Mintzodromoan

Miren Mindegia eta Unai Lako Euskalerria Irratiko kazetariek izanen dute ardura giroa berotu eta bertaratutakoak xaxatzeko. Apirilaren 22an hartuko du Baluarteko aretoak Iruñerriko bosgarren mintzodromoa. Doakoa da parte hartzea eta A1 mailatik hasitako herritarrek eman dezakete izena. 120 lagun inguru hartzen dituen espazioan arituko dira. 4-5 laguneko taldeak osatu eta proposatuko duten gai bati buruz hitz egitea izanen da gakoa, finean, euskara erabiltzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!