“Euskal Herriko ume asko eta asko haurrentzako euskarazko marrazki bizidun telebista kate gabe geratu dira. Gero eta jende gehiagok Makusi plataforma smart telebistetan ikusten badute ere, Euskal Herriko etxeen %40ak ez du telebista adimendunik eta ez dute aukera Makusin marrazki bizidunak euskaraz ikusteko”. Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz elkarteko kidea da. Martxoaren 18an itzali ziren ETB3 eta ETB4 kateak eta haien ordez ETB1 ON eta ETB2 ON kateak martxan jarri ziren. Telebista publikoko arduradunen esanetan, egungo haur eta gazteek ez dute telebista ohiko moduan ikusten eta mugikorra, tableta eta ordenagailuan kontsumitzen dituzte haien telesaila eta programa gogokoenak, nahieran. Horretarako, Makusi plataforma sortu zuten eta hori indartu nahi dute aurrerantzean. Umeentzako programazioa egun osoan eskaintzen zuen ETB3 telebista katea desagerrarazi zuten eta marrazki bizidunak eskainiko dituzte ETB1en goizean eta eguerdian.
“Euskararen erabilera gutxitzen ari den honetan, guztiz kaltegarria ikusten dugu telebistaren leihoa galtzea. Ondorio kaltegarriak izango ditu euskararentzat. Haurren %70ak telebista konbentzionala ikusten du eta marrazki bizidunak gehien ikusten diren ordu tartean, arratsaldetan, ez dituzte eduki horiek telebistan ikusgai izango. Horrela, gaztelaniazko marrazkiak ikustera bultzatuko ditugu”. Egoera iraultzeko, ETB3 ez itxi sinadura bilketa abiatu dute. Lehengo bost egunetan 23.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte. Ondoren, euskalgintzarekin hausnartuko dituzte alternatibak eta EITBko arduradunekin biltzeko asmoa dute.
Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz elkarteko kidea hurbildu da Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazara programara kanpainaren berri emateko.