Martxoaren 2an, David Broncano, La Revuelta TVEko saioko aurkezlea, zur eta lur geratu zen, ETS musika taldeak bere aurpegia zuen buruhandia oparitu zionean. Arabar errioxan sortutako taldea herrietako festetako giroa eraman zuen telebista platora eta gaueko sorpresarik handiena izan zen aurkezlearen aurpegi eta keinu berdintsua zuen pertsonaia oholtzara ateratzen ikustea. Buruhandi horren atzean, Nafarroako Eskuartean Imaginería Festiva dago. Beriainen kokatuta, duela hamar urte sortu zuten Christian Azconak eta Imanol Urabayenek. Ondoren, Josean Da Costa batu zen taldera.
10 urteko ibilbide oparoa izan dute. Ehun pertsonaia baino gehiago sortu dituzte eta beste horrenbeste konpondu. Larraga, Lazkao, Ororbia, Zizur Nagusia edota Buztintxuri auzoko jaietan ateratzen diren erraldoi eta buruhandiak hirukote hauen eskuetatik sortu dira. Eta azkeneko urteetan, Iruñeko erraldoien mantenu lanaren arduradunak izan dira. Orain arte jasotako enkargu berezien artean, The Walking Dead telesailerako buruhandi batzuk egitea edota antzerki konpainia batentzat zuhaitz itxura duten bi erraldoi egitea. Kontaezinak dira lan hauen guztien atzean dauden lan orduak, horietatik asko eta asko jai-egunetan.
Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan Christian Azcona izan dugu gonbidatu, erraldoiak eta buruhandiak sortzeko prozesuaren inguruan hitz egiteko.