Arantza San Julian: “Prekarietatea eta segregazioa sendotzen laguntzen dute erakundeek”

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 18a

M21 Plataformak manifestazioa antolatu du martxoaren 21ean Arraza-diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunean

2025ean Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako bulegoak 265 salaketa bideratu ditu eta guztira, 3.000 interbentzio baino gehiago egin ditu. Egungo egoerarekin kezkatuta daude M21 Plataforman. Azkeneko hilabeteetan aurrera pausoak eman direla onartzen dute. Horien artean, Madrilgo Gobernuak iragarritako migratzaileen erregularizazio prozesua. Gizartean sentsibilitate handiago sumatzen dute, baina oraindik ere kezkarako elementu asko daudela adierazi digu Arantza San Julian plataformako kideak. Erakundeei borondatea eskatzen die, giza baliabide gehiago eta inbertsioak handitzea. Erroldatzearekin azkenaldian ematen ari diren arazoak ere salatu ditu. “Iruñeko Udalak ukatu egin die migratzaile gazte adingabeei erroldatzeko eskubidea, horrek irekitzen dituen ate eta aukera guztiekin, batez ere hezkuntza edota osasun zerbitzuak jasotzeko”.

“Horregatik hain zuzen, martxoaren 21ean berriro kalera aterako gara borroka antirrazista ikusarazteko. Badakigu arrazakeria estrukturala eta kolonialitatea zapalkuntza-ardatz nagusiak direla oraindik; horregatik, antirrazismotik, internazionalismotik eta feminismotik abiatuta, egitura eta diskurtso arrazisten aurrean antolatu eta erresistentziak eraiki nahi ditugu”. Martxoaren 21ean, eguerdiko hamabietatik aurrera Merindade plazatik abiatuta, manifestazioa antolatu du plataformak. Aurretik, Arantza San Julian, M21 Plataformako kidea Irrintzi Plazatik pasa da egungo egoeraren berri emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!